SHOWCASE GAUA: ATOM RHUMBA + GATIBU

(BASQUE MUSIC SHOWCASE)

2018/06/05 – Asteartea – Ateak:  21:30. SARRERA DOAN (bete arte)

Atom Rhumba eta Gatibu izango dira Basque Music plataformak ekainaren 5ean, asteartean, Bilboko Kafe Antzokian antolatu duen showcase gauaren protagonistak.

Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Soinuak programak (Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailarenak) bultzatuta euskal musika kanpora zabaltzeko sortu den Basque Music plataformak Euskal Herriko musika nazioartean ezagutaraztea eta sustatzea du helburu. Jardun horren baitan, eta datorren ekainaren 4tik 6ra Live DMAk (Europako Aretoen Elkarteak) Bizkaiko hiriburuan batzar nagusia egingo duela aprobetxatuta –Europako 40 profesionaletik gora bilduko dira batzarrean–, showcaseen gau batean parte hartzeko deialdi publikoa ireki zuen Basque Musicek joan den apirilean.

Batzar horretara joango diren ordezkariek deialdirako berariaz osatutako batzorde batek aukeratu ditu azkenik Gatibu eta Atom Rhumba. LIVE DMA elkarteko ordezkariez gain, publikoa ere joan ahal izango da showcase horietara. Kafe Antzokiko ateak 21:30etan irekiko dira, leku guztiak osatu arte.