Biografia

Euskadiko Orkestrarekin sinatutako disko gogoangarri hura argitaratu zenetik urte bi igaro direnean, Ken Zazpi-k taldearen proiektuari aparteko kemenaz heldu dio berriro ere, eta honako Phoenicoperus honetan agertzen du bere sorkuntza berria.

Gure inguruan jazotzen diren krisialdiek, pertsonalak zein gizartearenak izan, izua sortzen diguten arren, garaiak itxi eta, adore berrituaz, aro berriak zabaltzeko balio izaten dutela diote. Bizitza, musika bezala, etengabeko birjaiotzea da.

Sinbologia honi heldu dio oraingoan Gernikako taldeak, lan berria aurkezteko unean. Dena errautsetara doa, maitasuna, askatasuna eta heriotza izan ezik, konstante unibertsal hauek beti ari baitira birsortzen pertsonaren gogo-bihotzean, bere urratsen gidari bilakatzeko, gaueko izarren dirdirak dagien moduan. Diskoaren izenburutik hasita barruko mamiraino, nortasun hori azaldu nahi izan du Ken Zazpi-k, hamar eguzkiren antzera konposatu dituen hamar abesti berri hauen bidez.

Phoenicoperus diskoa 2015eko abuztutik irailera bitartean grabatu da Higain estudioan, Haritz Harreguy-rekin, Ricky Falkner ekoizlearen gidaritzapean.

Ekoizpenaren zentzuak sendotasuna gehitu dio taldearen berezko ahalmenari. Oso taldearena den pop-rock-psikodeliaren unibertsoa eraberritzen lagundu du Ricky Falknerren lanak, berez handiak ziren kan-tak haratago handituz.

Eta azkenean, barru-barrutik, hunkitzeraino heltzen gaituzten kanta zabalak aurkezten dizkigu Ken Zazpi-ren lan berriak, taldeak emozioak eta intentsitateak orekatzeko ohi duen abileziaz moldatuta, abestiok gure barnean behin eta berriro piztu daitezen ekoiztuta. Diskoak, bidaia batean eramango bagintu bezala, pasarte eta momentu ezberdinez harritzen eta asaldatzen gaitu, soinu anitzak, erritmo hiptonizatzaileak eta kolore aberatsen xehetasunak erakutsiz, guztiz zaporetsu eta erakargarria suertatzen den lan borobil bat osoturik.

  • Eñaut Elorrieta (ahotsa eta gitarra)
  • Igor Artzanegi (baxua)
  • Beñat Serna (gitarra)
  • Iñaki Zabaleta (teklatuak)
  • Jon Fresko (bateria)
  • Ruben Caballero (gitarra elektrikoa)

 

Diskografia

Atzo da bihar (2001)

Bidean (2003)

Gelditu denbora (2005)

Argiak (2007)

Ken Zazpi urtez zuzenean (2009)

Ortzemugak begietan (2010)

Ken Zazpi & Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (2013)

Phoenicoperus (2015)

 

Argazkiak

BIDEOAK

HURRENGO KONTZERTUAK