Biografia

Itoiz Suite esatea Itoiz rock taldearen musikaren gaineko bariazio sinfonikoei buruz hitz egitea da, Juan Carlos Pérezek, jatorrizko taldeko kide eta musikarik gehiena konposatu duenak, orkestra sinfoniko batentzat berridatzia, talde haren musika inspiratu zuen rock estetika gorde eta orkestra sinfoniko baten berezko hizkuntzara egokitzeko helburuz.

Ideia duela urte batzuk sortu zen BOSaren eta Juanjo Mena zuzendariaren eskutik, beti ikusten baitzuen erakargarri neurri horretako proiektua –noizko Itoiz sifonikoa?–. Izan ere, Juan Carlos Pérezen Bizkaieraz lan sinfonikoaren estreinaldia zela eta, 2007ko urrian 2007- 08 Kontzertu Denboraldiaren esparruan, izandako elkarrizketetan “hauxe da momentua” erabaki zuten.

Lanak zazpi mugimendu ditu, taldearen beste hainbeste abesti dutenak abiapuntu:

1- Ezekiel, 2- Marea gora, 3- Marilyn, 4- Goizeko deiadar / Lo egin, 5- Lau teilatu, 6- Hegal egiten, 7- Foisis jauna, guztira 40-45 minutu, eta opari txiki bat: “Zati txiki bat La m’en”, Itoizek 1978an argitaratu zuen lehenengo diskoko kantua, bis erara, abestuko den pieza bakarra izango dena, Jose Garate, Itoizeko kide ohia eta gaur egun BOSaren kontrabaxu jotzaile finkoa, eta Juan Carlos Pérezen ahotsekin, orkestrak lagundurik.

Lan sinfonikoa da, beraz, testurik gabea, jatorrizkoaren gainetik bariatutako musikak bakarrik gidatua; batzuetan berrasmatua, beste batzuetan historiagilearen arreta eta zintzotasunarekin errespetatua, baina beti ere 70eko hamarkadako rock estetikan sustraituta zegoen musikaren pentsaera musikala bizirik gordetzen.

Musika, musika, besterik ez.

Itoizen musika, orkestra sinfoniko klasiko baten eskuekin interpretatua izateko idatzia.

Holst, Elgar, Britten, Bernstein, Sibelius, Vaughan Williams dira urrunetik ber-egokitzapen hau “zaintzen” duten musikari batzuen izenak. Ez da kasualitatea gehienak kultura anglosaxoniarrean egotea, nabaria baita musikagile hauen musika kultoa eta rock musika tradizio beretik elikatzen direla.

Ugari dira nazioarteko merkatuan era honetako proiektuak: London Symphony Orchestrak interpretatutako eta grabatutako musika sinfonikoa, Who, Pink Floyd, Led Zeppelin, etab. bezalako talde mitikoen musikaren egokitzapenak… guztiak ere Itoiz taldearen erreferentzia taldeak zirenak sorkuntza lanik handiena egin zuten garaian.

Erronka kitzikagarri bezain erakargarri baten aurrean gaude, bai Itoizen jarraitzaile sutsuentzat, bere musika beste soinu-esparru batean entzun nahi dutenak, bai klasikoaren publiko handiarentzat, hurbilketa honetaz gozatu ahal izango baitute, musika maila hutsean.

 

Argazkiak

BIDEOAK

HURRENGO KONTZERTUAK