Biografia

Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975) Ken Zazpi Euskal talde ezagunaren sortzaile eta kantaria da. Taldeak hainbat disko kaleratu ditu: Atzo da bihar (2001), Argiak (2007) eta Phoenicoperus (2015) azken diskoa.

Baina 2013tik aitzina bide berria urratu du Eñaut Elorrietak, bakarkako lehen diskoa argitaratu baitzuen, Deserriko kantak, Elkar diskoetxearekin.

Ordudanik, bi bideetan ari da, hau da, bakarkako emanaldiak ematen eta Ken Zazpirekin abesten, eta kontzertu sorta nabarmena eman du hango eta hemengo areto eta antzokietan.

 

Deserriko kantak

 

Zuzeneko emanaldiak oso zainduak dira, eta Eñautek bidaiatzera gonbidatzen du jendea, norberaren barneko kartografian barrena ibiltzera, aldi berean gogoeta eraginez aberriaz eta atzerriaz, bakoitzaren emozioen geografiaz. Deserria bakardadea da, biluztasuna da; sentimendu babes gabeen kontakizuna.

Deserriari ertz guztietatik begiratzen dio Eñaut Elorrietak. Horretarako, bereaz gain hainbat idazle eta poetaren lumaz baliatu da. Haietariko batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa; Joseba Sarrionandiak edo Joan Oliverrek, kasu; beste batzuek deserri poetikoari idatzi diote (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga). Gai soziala bezain intimoa den deserria berea egin du Eñaut Elorrietak, hitzekin eta musikarekin lur zati bizigarri bat zedarritu nahian.

 

Harian (2018, zuzeneko proiektua)

Udazkenetik aurrera, Eñaut Elorrietak, beti geldiezin eta musika-abenturei ekiteko gogoarekin, zuzenean interpretatzeko eta gozatzeko asmoarekin sortutako proposamen berria eskaintzen digu. HARIAN izenburupean, Elorrieta agertokira igoko da hari-boskoteak lagunduta, Kaabestri String Ensemble, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatua.

 

Kontzertu honek aukera bakarra eskaintzen digu Ken Zazpiko abeslariaz gozatzeko beste musika-tesitura batean; horrela, haren ahotsa entzungo dugu bi biolinek, biolak, zelloak eta kontrabaxuak lagunduta eta emanaldi honetarako egindako musika-moldaketekin.

Diskografia

Deserriko kantak (2013)

Argazkiak

BIDEOAK

     

HURRENGO KONTZERTUAK