Biografia

Irlandako ezohiko abeslari honek generoak eta mugak gainditzen dituen musika egiten du. Dauden folk-sari guztiak jaso baditu ere, bere burua ez du puristatzat jotzen, eta tradizioaren mugez haragoko musika egiten duela dio. “Niri dagokidanez, norbera abesti batek daraman tokira joan daiteke. Melodia eta mezua egiten dudan guztiaren buruan daude. Egia esan, berdin dit abestia nondik datorren, zenbat urte dituen eta nork abestu zuen lehen aldiz. Kontua da hunkitzen nauen, sentiarazten didan, gogoan sartzen zaidan, abesteko beharra dudan”.

Cara Irlandako herri txiki batean jaio zen, Dungiven, hain zuzen, eta beti abestu izan du. “Nire ustez, aribidean dagoen historiaren parte naiz, eta garapen-bidean dagoen historia horrek barne hartzen ditu haurtzaroko abestiak, Ameriketara emigratu zuten osabak, familiaren bizipen guztiak eta gaur egun gertatzen ari den guztia”.

90eko hamarkadaren amaieran, Carak eta Sam senarrak Equation superbanda eta Warner Brothers diskoetxea utzi, eta Rough Trade diskoetxearekin sinatu zuten kontratua Cara Dillon izeneko estreinako bilduma grabatzeko, zeina 2001ean argitaratu zen. Urteko folk-arrakasta bilakatu zen. 2007an, bi disko bikain argitaratu ondoren, Rough Trade diskoetxea utzi eta beren diskoetxea sortu zuten: Charcoal Records. Carak eta Samek bikiak espero zituzten (Noah eta Colm, 9 urte dituzte gaur egun), eta kontrol handiagoa izan nahi zuten haien musika-bizitzaren gainean. Horren ondoriozko albuma, Hill of Thieves, orain arteko lanik arrakastatsuena izan da; Britainia Handiko 10 disko onenen zerrenda indietan sartu zen, eta iTunes Folk eta Amazon World & Folk zerrendetako lehen postura iritsi zen. “Badirudi guk geuk atsegin dugun zerbait egiten dugunean besteek ere atsegin dutela” dio Samek.

Cararen ahotsa, abesten duenean, jainkotiarra da ia. Zuzenean, Cara gertukoa eta gogotsua izan daiteke, eta nortasun sendo zein xarmagarria dauka. “Nire diskoei dagokienez, oso preziosista eta sutsua izan naiteke, baina zoriontsu sentitzen naiz beste gauza batzuk egitera ausartzen naizenean. Liburu itxia bazara, ez duzu ezer ikasiko”. 2Devine musika-taldeak egindako Cararen Black Is The Colour abestiaren bertsio teknoa oso arrakastatsua izan zen Eivissako klubetan. Carak Children In Need telebista-saiorako All You Need Is Love singlean parte hartu zuen, Peter Gabriel eta Terry Woganekin batera, 2009an, eta Disneyren Campanilla y el gran rescate filmeko soinu-banda abestu eta kontatu zuen. “Nire doinua pixka bat aldatu behar izan zuten, batzuetan. Zera esaten zidaten: Aizu, Cara, izugarri gustuko dugu, baina… zer da nigh?” diosku bere kadentzia irlandarrarekin barre eginez. “Beraz, praktikatu eta now hitza (orain) arretaz ahoskatu behar izan nuen”. 2012ko urtarrilean, Come Dream A Dream grabatu zuen, Parisko Disneylandeko gaueko ikuskizuna klimaxera daraman abestia. “Irudika dezakezun abestirik Disneyena da” dio Samek. “15.000 lagun biltzen ditu ikuskizunak gauero. Zortzi milioi pertsona inguruk ikusi dute dagoeneko. Zoramena da”.

Oso jende gutxik daki, eta Carak berak duela urte gutxi jakin zuen, Txinan oso pertsona famatua dela. “Bazen hara kosta ahala kosta eraman nahi gintuen sustatzaile bat; azkenean, Txinara joan ginen, horretaz guztiaz zer espero jakin gabe” dakar gogora Carak. “Kontua da kontzertuak antzoki nazionaletan eman genituela, non 2.000 lagunentzako tokia zegoen, eta guztietan sarrerak agortu ziren. Jende guztia zutik jartzen zen kontzertua iPad-az grabatzeko; nik nire doinuarekin abesten nuen, horrek harritu ninduen gehien. Kontzertuen ondoren, segurtasun-zaindariak nirekin egoten ziren; orduak ematen nituen diskoak sinatzen, eta komunera ere ezin nuen ezkutatu gabe joan. Unibertso paraleloa bezalakoa zen. Geroago jakin genuen gure lehen bi diskoak ingelesa irakasteko curriculumaren baitan jasota zeudela Txinan. Beraz, kontzertuetara joaten zen jende guztiak ingeles-tituluak zituen, eta gure musika biziki gustuko zuen”.

Azken urteotan, Cararen erronkarik handiena bere gaixotasunari aurre egitea izan da. Izan ere, 2007. urtearen amaieran, 1 motako diabetesa diagnostikatu zioten. “Kolpe latza izan zen” dio Carak. “Pentsatzen nuen nire bizitza amaituta zegoela, ez nintzela berriz agertoki batera igoko, ezinezkoa zela. Gezurretan ariko nintzateke niretzat egunero erronka bat dela esango ez banu. Baina egia da, halaber, jende guztiak dioena: hiltzen ez zaituenak indartu egiten zaitu. Egiatan, ez nuke ezer aldatuko. Hain arraroa da hori esatea? Zorionekoa sentitzen naiz hau bizi ahal izateagatik; horri esker, bizitza honetan daukadan guztia gehiago balioesten eta eskertzen dut”.

Cara bere Elizabeth alabaz haurdun zegoenean (2010ean jaio zen), bikoteak atsedena hartu behar izan zuen. “Diabetikoa izanik, haurdun geratzea oso arriskutsua da; beraz, dena utzi genuen, den-dena” dio Samek. Bitxiena eta onena da, Samen ustez, esperientzia horrek Cararen ahotsa hobetu zuela. “Tonuerdi jaitsi zuen; hala, bere ahotsa are gozoagoa da orain, leunagoa”. Soprano baten intentsitatea dauka, baina orain ibilbide handiagoa du erregistro baxuetan; argi gehiago eta ñabardura gehiago dauzka. Hori guztia oso nabaria da disko honetan”.

“Musika denontzat da” dio Samek, bikotea hain bereizgarria egiten duten estilo eta eraginen sintesiari dagokionez beren jarrera laburbilduta. “Hizkuntza komuna da. Ez dut astirik folkaren poliziarentzat. Artista gisa, musikaren sakontasuna hartzen dugu aintzat, eta zein intelektual bilaka daitekeen. Ez gara azalekoak. Gure abesti bakoitzean odola, izerdia eta malkoak isuri ditugu, eta horixe da, gure uztez, garrantzitsuena”.

“Folk-musikari batzuek abestiaren xehetasun guzti-guztiak jakin nahi dituzte, eta ondo deritzot” dio Carak. “Baina, nire ustetan, hori ez da garrantzitsuena. Abesti batekin identifikatu behar dut, besterik ez; sakonki hunkituko nauen zerbait bilatzen dut, eta, topatzen dudanean, hari bizirik eusteko bidea naizela sentitzen dut”.

Diskografia

2001​ ​Cara Dillon

2003 Sweet Liberty

2006​ ​After the Morning

2009​ ​Hill of Thieves

2014​ ​A Thousand Hearts

2016​ ​Upon a Winter’s Night

2017​ ​Wanderer

Argazkiak

BIDEOAK

HURRENGO KONTZERTUAK